Aza 4


Zuk hamasei eta nik hemezortzi bat urte izango nituen, udazkenean Karmelen aitaren zientotrentaiuno supermirafiore zuri hartan elkar ezagutu genuenean. Izan ere, Ezkaurreko ertza eskalatzeko helburuarekin abiatu ginen Donostitik, ilunpetan, hiria lo zegoela, isilpean, gure gurasoek materialaren txin-txin hotsa entzun ez zezaten. Auto barruko goxotasunera sartu, kaixo ni Josean, ni Dani, eta lotara, ez baita oraindik berriketan aritzeko ordua. Argibelako lepoan, kotxetik kanpo eta eguna argituta, aurrez-aurre ikusi nuen lehen aldiz zure piura luzea, hile motz ikatz kolorekoa, ahots zorrotza eta irripar zabala. Eskalada luzea eta amaigabea izan zen, baina egun bikaina pasa genuen eta urruneko egun hartatik gogoan daukat zure alaitasun kutxakorra. Geroztik, gure artekoa beti joan da erraz eta alai.
Etorri ziren alpeetarako lehenengo irteera, Jose Aldairekin batera Mont Blanceko gailurra zapaldu zenuenekoa, eta aurreneko eskiadak. Ramonekin Telerako korridoreak eta Rairekin Atxarteko eskaladak ere bizi izan genituen elkarrekin, San Antonio urkiolakoak tximista bidali zigunekoa bezala, Zorrolitzako puntatik neska lagunak eskatu genizkionean. Indiako Kun mendira egin genuen espedizio hartako garaian egin zenuen bilakaera Joseanetik Joxira, lagunei eskeini zenigun hurbiltasunaren saria izan zela pensatzen dut orain, hura ausnarturik. Han ezagutu zenituen Antxon, JonMikel, Ramón Aldai, Txomin, Ra eta Pitu, eta guztiekin mantendu duzu harreman ona, ez nolanahikoa. Indiako bidai hartatik Karmel, zu eta hirurok gaixorik bueltatu ginen. Zure kasuan, etxeratu bezain pronto ospitalean ingresatu zintuzten eta osatu berritan Iruñeara joan zinen lanera. Han pasatako urteak oso zoriontsuak izan zirela askotan komentatu didazu, lagun bikainak egin zenituen eta baita haiek gurera ekarri ere. Izaskunek kontatu zidan lehengo batean, euren bost lagunen pisura joan zinela bi egunetarako eta bi urte pasa zenituela etxeko salan.”Nola botako genuen ba?!”.
Elkarrekin pasatako makina pasadizu eta zuk niri kontatutako hainbat abiadan doaz nire burmuinean: Leo, Andu eta Piturekin batera Vignemalen; Pablo, Ramón eta Andurekin Eduren omenez zabaldutako ertzan; Ixarekin zoaz Thailandiara; Suizako Dent Blanchen Ra, Pitu, Antxon eta bostok ia gailurra zapaldu genuen hura; Kufner ertzara goaz Antxon eta hirurok; Stigekin batera Naranjon, sanferminetan eta Midin; Ixa, Roke eta Maiterekin bizikletaz; Gure irakasle lan kontuko esleipenetan; Bagoaz eskalatzera Todrara, ramadana eta guzti!; Berriz ere Marokora, oraingoan eskiatzera Haritz, Aitor Lopez eta Carlitos tarteko; Ixa eta zu gure semeen zaindari; Andukin batera Nangara, To!; Raulekin bazoaz Brenvara; Antxon eta Anarekin patrullara; Haritzekin Perura; Kuadrilla eder bat bagoaz Noruegara eskiatzera, Iñaki infraestrukturaren buru genuela; Manu eta zu gurekin landeetan, eta baita Sazosen ere, Olatz jaioberritan; Marokora eskiatzera, berriz, Jose Luis, Xabi, Iñaki eta Aitorrekin; Antxon, Iñigo, Andoni, zu eta bostok ostegunean afaltzen; Jon, Rafa eta Rairekin Vignemalen eta Barré de Ecrinsen; Hamaika udara familiekin Vinuesako kanpinean Andonirekin batera…
Pertsona bakoitzaren bizitza bat eta propioa da, jakina. Baina norabide bat edo beste har dezake bidean topatzen garenon eraginaren ondorioz. Jende argia topatzea lagungarria eta aberasgarria da. Joandako irteera bakoitzetik adiskidetuago bueltatu gara lagun. Ohore handia izan da niretzat bidearen zati luze hau zurekin konpartitu izana, baina Agur ez dizut esango, nire bizitzaren parte zara betirako, zure sustraiak oso sakon errotuturik daude.

Dani Ruiz-Zeberio

1 comentario: