Urr 31


Joxi 1992ko udazkenean ezagutu nuen. Nire pisukidea zen Oskarrek bere lankide baten berri eman zidan, "Hi Andu, eskalatzen ibiltzen den tipo oso jatorra zegok gure eskolan, egunen batean aurkeztuko diat". Eta halaxe hasi ginen mendira elkarrekin joaten. Ikasturte hartan hamaika aldiz joan ginen Etxaurira eta 1993ko uztailean bera bere lagunekin pirineotara zihoala eta beraiekin joateko gonbitea bota zidan. Han elkartu ginen lagun koadrila handi bat eta niretzat magikoa izan zen. Joxiri esker egun horietan ezagutu nituen gaur egun nire bizitzaren ezinbesteko parte diren lagun handiak Dani, Antxon Bernal, Pablo Alday, Ramon Etxaniz, Leo, Ra eta Pitu,... Eta orduz geroztik hona, zenbat bizipen elkarrekin! Pisukideak izan ginen, festa eta soka lagunak, famili oporrak elkarrekin. Mendiarekiko zaletasunak bildu gintuen baino mendia aitzakia bihurtu zen eta laguntasuna gailendu zitzaion. Lagunak konpartitu ditugu eta nire lagunak bere lagunak bihurtu ziren eta bereak nireak, ezta Rai? Eta gure familiekin berdin. Soriako egonaldi ahaztezin horiek famili handi bat bihurtu gaituzte. Urte hauek guztietan beti goxo, irrifartsu, pozik eta alai. Ez dakit zoriari edo beste norbaiti, baino nik nire esker ona azaldu nahi nuke Joxirekin urte hauek konpartitu ahal izanagatik. Mila esker lagun handia.

Andu
________________________________________________________________________________

Andoni 2001ean ezagutu nuen. Mendiko eskiko Euskadiko lehenengo txapelketa antolatu genuen Formigalen eta bera bigarren gelditu zen. Bazkalostean niregana gerturatu zen eta elkar ezagutzen ez bagenuen ere lagun handiak konpartitzen genituen, tartean Joxi. Andoni ezagutu duzuenok badakizue nolakoa zen, zuzena, itzulinguruka ibiltzen ez zena. Eta elkar aurkeztu ondoren halaxe bota zidan, "Datorren urterako gauzak hobetu egin behar dira, ibilbidea ezin da horrela markatu..." Eta badakizue baita ere, Andoni ez zela harria bota eta eskua izkutatzen zuenetakoa. Eta horrela hasi zen pixkanaka EMFrekin kolaboratzen, denbora gutxira mendiko eskiko ardura eskaini genion eta nola ez berak erronka jaso eta zailtasunak zailtasun hurrengo Euskadiko Txapelketen ardura teknikoa bere esku gelditu zen eta beste dimentsio bat eman zien dudarik gabe. Bere ametsa Pirineotan mendiko eskiko proba handi bat antolatzea zen eta EMFko zenbait kideren trabak ikusita bere bidea jorratzea erabaki zuen eta lan handia egin ondoren Altitoy aurrera ateratzea lortu zuen, hasieran nahiko bakarrik eta azken urteetan jende eta erakunde askoren laguntzaz. Gaur egun mendiko eskian Altitoy erreferente bat bihurtu da Europa osoan, eta hori % 99an Andoniri zor diogu.
Baino niretzat Andoni ez da izan bakarrik mendiko eskia (eta beste gauza asko ere) pasio sinestezinaz bizi zuen kidea, niretzat eta nire familiarentzat, beti gertu zegoen lagun handia izan da. Oso maiz deitzen zigun elkarrekin planen bat egiteko: patinetan zela, mendi txango bat zela, ondartzara, soziedadera... Eta Joxi eta bere familia bezala, Andoni eta berea gure famili handiaren kide maitatuak dira, Soriako udako aste magiko horiek sortu duten famili eder horren kide maitatuak. Ez dut inoiz ahaztuko zure irrifarra eta begirada magnetiko horiek eta eskerrak eman nahi ditut zurekin urte hauek konpartitu ahal izanagatik. Mila esker lagun handia.


Andu
_________________________________________________________________________________

No hay comentarios:

Publicar un comentario